Greba

Irratian izan zuen grebaren berri:
“Maiatzak 21, langile guztiak deitzen ditugu grebara!”, oihukatzen zuen sindikalista batek irratiko bozgorailutik. “Bizi dugun prekarietate laboralaren aurka, langileon sufrimenduaren aurka, esplotatzaileen aurka, maiatzaren 21ean denok grebara!”.
Bihotza piztu zitzaion hitz horiek entzunda. Bere egunerokoa aldarri sutsu horretan islatuta ikusi zuen eta, maiatzaren 21ean berak ere greba egitea erabaki zuen.
Eguna iritsi zenean goiz hasi zuen bere borroka. Kartelez eta paskinez josi zuen lantokia langileen eskubideak aldarrikatuz. Berehala iritsi zitzaizkion, ordea, esplotatzaileen lehen kexak:
—Jo, ama! —entzun zuen goizean goiz—. Non da gosaria?
—Gosaria, bazkaria, arropak, gelak, garbiketak… —erantzun zuen harro—. Gaur zuek moldatu beharko zarete!
Eta bere zapaltzaileak sukaldean zur eta lur utzita pasillora joan zen eguneko lehen manifa abiatzera.
Continue reading “Greba”

Zaporea

Sukaldariak erronka jo zion munduari:
—Niretzat berria den zapore bat ekartzen didanak egunero izango du nire jatetxean doako jatordua —bota zuen oldarkor munduko telebista guztien aurrean.
Berehala sortu ziren jende-ilarak jatetxe ezagunaren aurrean, jakina baitzen bertan jateko mundu guztiko agintari, zinema-izar zein erregek hilabeteak eta urteak itxaron behar izaten zituztela. Saria ez zen beraz nolanahikoa!
Mundu guztitik etorritako jendea azaldu zen sukaldaria harrituko zuten zapore berriak erakutsi asmoz. Oihanik ezkutuenetan eta mendi-lerro garaienetan bildutako osagai, jaki zein espeziak  ekartzen zituzten baina, guztiak bidaltzen zituen bueltan sukaldariak, denak baitzituen ezagun:
—Hau Tiber ibaiko alga da —esaten zien batzuei beraien jakia dastatu orduko, edo—. Al-Mahuni Sha handiak zerbitzatu zidan behin zuk ekarritako espezia —esaten zien besteei.
Ez zegoen sukaldariak ezagutzen ez zuen zaporerik eta, ondorioz, hilabeteak aurrera joan ahala jende-ilarak desagertzen joan ziren bere jatetxe aurretik.
Egun batean, itxura ziztrineko agure bat inguratu zitzaion sukaldariari eskutan lapiko zahar bat zeramala.
—Ezagutzen zaitut —esan zion sukaldariak agurea ikusi orduko—. Zu kale bazterrean diru-eske egoten den agurea zara. Eskean al zatoz?
—Zuk inoiz probatu ez duzun zopa bat ekarri dizut —erantzun zion agureak sukaldariaren harridurarako.
Sukaldariak barre egin zion agureari, baina bere zilarrezko koilara sartu zuen lapiko zaharrean. Agurearen zopa dastatu zuenean, ordea, aho zabal gelditu zen, begiak malkoz beteta.
—Hau da! —oihukatu zuen pozik—. Hau da behar nuen zapore berria!
Agureak irribarre egin zuen, jakin baitzekien aurrerantzean errege eta agintarien artean jatea izango zuela doan.
—Nondik atera duzu horrelako jaki harrigarria? —galdetu zion sukaldariak besarkada artean.
—Egunero afaltzen dudan zopa prestatu dizut —erantzun zion eskaleak lasai asko—. Zure sukaldetik zaborretara botatzen dituzuen hondakinekin prestatu ohi dudan zopa.
Continue reading “Zaporea”

Mikroipuinak entzungai

Sorpresa pozgarria eman didate gaur goizean: Lekeitioko Arrakala Irrati librean labe honetan egositako mikroipuinak irakurtzen hasi dira. Irratiz irakurtzeko egokiak omen dira. Pozten naiz ba!
Nik bueltan, beraien lanaz baliatzea erabaki dut. Haiek irakurritako ipuinen audioak labean jarriko ditut entzungai aurrerantzean. Oraingoz, lehen ipuina baino ez dago: Urdina beltz.  Espero laster gehiago etorriko direla.
Urdina beltz (mp3)

Dortoka eta eskorpioia

Patxi dortoka triste zegoen ibai ertzean.
—Zer gertatzen zaizu Patxi? —galdetu zion handik zebilen Antonio eskorpioiak.
—Ibaiaren bestaldera pasa nahian nabil, baina nire lehen aldia denez laguntza behar dut —azaldu zion dortokak mesfidati—. Hemengo inork ez dit lagundu nahi, ordea —jarraitu zuen inguruan zebiltzan beste animaliei begira.
—Lasai Patxi —erantzun zion eskorpioiak adeitsu—. Nik lagunduko dizut! Zure bizkar gainean joango naiz norabidea adierazten.
—Zuk? —beldurtu zen dortoka—. Zuk ziztatu egingo didazu eta pozoinduta hilko naiz.
—Bai zera! —lasaitu zuen eskorpioiak barrez—. Ez al zara ohartzen ziztatuz gero biok itoko garela?
Logika horri jarraituz, eta inguruan beste inor laguntzeko prest ez zegoela ikusita eskorpioiaren eskaintza onartu zuen Patxik. Ibaiaren beste aldera pasatzea bere betiko nahia zen eta arriskuak merezi zuela iritzi zuen.
—Goazen ba! —erantzun zion lagun berriari, eta ibaia zeharkatzen hasi ziren. Patxi dortokak igeri egiten zuen eta Antoniok bere bizkarretik bidea adierazten zion.
Ibaiaren erdian zeudela, ordea, ziztada bat nabaritu zuen dortokak lepo gainean.
—Zergatik egin duzu hori? —galdetu zion eskorpioiari ikaratuta pozoiaren eragina igartzean—. Orain biok itoko gara!
—Ezin izan diot eutsi —onartu zion eskorpioiak bizkar gainetik—. Nire izaeraren muinean dago.
Continue reading “Dortoka eta eskorpioia”

Mamua

Begiak zabaldu zituenean mamuak han jarraitzen zuen.
Geldirik.
Gelaren iluntasuna erabatekoa izan arren garbi ikus zezakeen. Bere aurrean zegoen, geldi. Gorputz gardena argi leun batez inguratuta zuen, fosforeszentzia baten modukoa. Ingurua betetzen zuen argi leuna.
Mamua, zutik zegoen, airean flotatuz bezala, begira.
Berari begira.
Ohe barrutik, manten babesean, gorputzeko izua gainditu eta begirada itzultzera ausartu zen. Bera zen, ez zuen inolako zalantzarik. Hil aurreko aurpegi bera zuen baina, begiak, zulo ilunak baino ez ziren lehen begi argiak zituen tokia.
“Zer nahi duzu?”, nahi zion galdetu, baina ez zen ausartzen, erantzuna ezagutzen zuelako. Eta ez zuen gustuko.
Zer egin zezakeen orduan? Ihes? Ezkutatu? Begiak berriz ixtea erabaki zuen. Bere ikara manten azpian gordetzea, ezjakinarena egitea, mamua bere kasa desagertuko zenaren esperantzan.
Oheko arropekin kokotseraino estalita begiak itxi zituen.
Berehala sumatu zuen hoztasun bat bere inguruan, ohea setiatzen zuen lanbro baten modukoa. Umeltasun batek biltzen zuen, gordetzen zuen, itotzen zuen.
Begiak are indar gehiagoz itxi zituen, desesperatuta. Eta etsipen ilunean loak hartu zuen.
Ez zen berriz esnatu.
Continue reading “Mamua”

Ahoa zabaldu

—Ahoa zabaldu!  —agindu dit dentistak gupidarik gabe bere maskararen atzetik. Begirada maltzurra da berea, maskararen babesetik aurrean etzanda duen biktimari zuzentzen dion begirada lizuna. Badakit maskararen azpian irribarrez ari dela, disfrutatzeko prest dagoenaren irribarre zitalaz.
“Santelmo ondorena da”, pentsatu dut ikaratuta, “erruki zaitez pixka bat!”
—Ahoa zabaldu! —errepikatu du berak inolako gupida erakutsi gabe eta, oraingoan, kasu egin diot.
Nire ahora gerturatzen ikusi dut, esku batean ispilutxoa eta bestean punta zorrotzeko tramankulu beldurgarri bat dituela. Poliki gerturatu zait, begi txikiak irribarrez, biktima sufriarazteko prest.
Ispilua ahoan sartzeko keinua egin duen unean bat-batean gelditu da. Kolpera egin du atzera, zaplazteko bat jaso balu bezala begi txikiak zabal-zabal eginda. Pixkanaka azaleko kolorea aldatzen hasi zaiola ikusi dut: hasieran hori eta ondoren berde jarri da.
Zerraldo erori da lurrera, zorabiatuta. Erizaina asaldatuta joan zaio berehala baina ni ez naiz tokitik mugitu. Oraingoan nik egin dut irribarre, hamaiketakoan gozatutako olagarro-zopa gogoan.
—Santelmo ondorena da —gogorarazi diot irribarre bihurri batekin lurrean dagoen dentistari.
Eta ahoa itxi dut.
Continue reading “Ahoa zabaldu”

Urdina beltz

Bere kolorea beltza zen.
Beltzak ziren bere zapatak, kamisetak, galtzak… beltzak zituen txaketak eta baita galtzontziloak ere. Beltza zuen gustuko eta beltz kolorekoa zen janzten zuen guztia.
Zergatik jantziko zen orain urdinez?
Lagunek adarra jotzen zioten:
—Ez haiz Santelmotan beltzez jantzita aterako! —esaten zioten barrez eta, berak, ez zuen erantzuten, haiek arrazoi zutela bazekielako.
Amak mahoizko arropa berriak (urdin-urdinak) erosi eta ohe gainean utzi zizkion festa- bezperan, jantziko zituenaren esperantzan. Berak, arratsalde osoa eman zuen gelan, arropa haiei begira, zer egin ez zekiela. Buruari bueltaka eman zuen eguna, Santelmotan beltzez jantzita nola irten pentsatuz, burutazio bat izan zuen arte. Arrapaladan atera zen kalera eta, bitan pentsatu gabe, bere ideia abian jarri zuen.
Festak urdinetik beltzera pasa zituen. Ingurukoen harridurarako dena primeran joan zitzaion eta beltzez atera zen kalera. Danborradak izorratu zuen arte.
Gauerdian danbor hotsek Santelmo martxa abiatu orduko hasi zen euria eta, honekin batera, txinotako tindagaiz belztutako alkandora urdintzen hasi zitzaion. Kofradiako lurra tantokin beltzez tindatzen hasi zenean ezinaren aurrean etsi zuen.
Bere kolorea urdin bilakatu zen.
Continue reading “Urdina beltz”

Erronka

Erronka jo diot nire buruari:
—Ezetz ipuin laburrez osatutako bloga abiatu!
Pentsakor gelditu naiz, nire buruarekin haserre: “Posible al da horrelako erronka jotzea?”.
Ez dakit zer erantzun. Ez dakit erronkari aurre egiteko gai naizen, ipuin laburrak astero, hamabostero asmatu eta idatzi beharra: formatu txikian, Interneten, pantailan irakurtzeko modukoak…
Egin dezaket? Auskalo! Baina erronkak maite ditut.
—Baietz egin! —erantzun diot oldarkor nire buruari.
Eta mikroipuin-labea piztu dut.