Liburuaren PDF bertsioa ere eskuragarri

EPUB bertsioaz gain PDF bertsioa ere jarri dut, hainbat irakurlek hala eskatuta. Aukerak badaude, orain irakurtzeko aitzakiarik ez!

Continue reading

Liburua EPUB formatuan sortzeko prozesua

Mikroipuin-labea EPUB formatua jarri ondoren editatze prozesua azaltzeko eskatu didate. Edizio prozesua ez da zaila, eta egia esanda etxean Linux erabiltzen dudanez, prozesu guztia tresna libreak erabiliz egin nuen. Hona urratsak:

Continue reading

Mikroipuin-labea EPUB bertsioa doan

Nahi baino hilabete batzuk beranduago osatu dut Mikroipuin-labearen bilduma osoa formatu digitalean.

Ipuin guztiak berrikusi eta zuzendu ditut bilduma modu txukunean osatzeko.Orain nahi duenarentzat eskura dago hemendik jaitsi eta irakurgailu elektronikoan irakurtzeko aukera.

Doan deskargatu daiteke bilduma osoa EPUB formatuan azalean klik eginda. On egin!

Continue reading

Amaiera

Boligrafoa neke itxurarekin gerturatu zait.
—Ezin dut gehiago! —ziurtatu dit berehala—. Agortuta nago!
—Ni ere bai —onartu diot.
—Bi urte daramatzat zure ipuinak idazten —gaineratu du—, eta laburrak izan arren jada ez zait tintarik gelditzen.
Kexua espero nuen, ezer ez baita betirako. Nik ere ideiak agortu ditudalakoan nago, baina hala ere, azken ahalegin bat eskatu diot:
—Lagundu ipuinak zenbatzen.
Halaxe egin dugu. Banan-bana zenbatu ditugu ipuin guztiak 99ra iritsi arte.
—Ehun ipuin idazteko erronka jarri nion nire buruari —esan diot orduan boligrafoari—. Gai ikusten al zara azken ahalegina egiteko?
—Zuri zer iruditzen? —erantzun dit harro, nire eskura salto eginez.
Pentsakor gelditu naiz une batez, azken ipuina izango denaren gaia erabakitzeko. Berehala ohartu naiz, ordea, ez dela oso erabaki zaila, eta boligrafoaren tinta-hondarrak astinduz azken ipuinaren titulua idatzi dut:

AMAIERA

Continue reading

Muxua

Lo zegoen haurrari muxu eman nahi zion aitak.
Gelara sartu eta mantak ongi jarri zizkion, gauean hoztu ez zedin. Maitekiro begira gelditu zitzaion, baina ez zen muxu ematera ausartzen.
Zer gertatuko zen muxuak esnatzen bazuen?
Ohe ondoko argi txikia itzali, eta azken begiratu triste batekin gelatik atera zen, lo zegoen haurrari muxu eman ez izanaren damuak penatuta.
Une berean zabaldu zituen begiak semeak.
Beste behin ere aitaren mugimenduen zelatan egona zen, begiak itxita, hainbeste irrikatzen zuen muxua noiz iritsiko zain. Baina gau hartan ere muxua ez zen iritsi, eta ondorioz loa ere ez zen erraz iritsiko.
Aitak ez ziolako eman hain gogoko zuen gabon muxua.

Continue reading

Lanbidea

Langabezia zen bere lanbidea.
Krisian zeuden enpresak bixitatu, neurriratu eta ixtea zen bere espezialitatea. Soldata jaitsierak, langileen kaleratzeak eta ondareen salerosketak ziren bere egunerokoa, eta horrekin bizitzera ohitua zegoen. Ez zegoen oihurik gabeko egunik, negarrik gabeko bilerarik edo pankarta beltzik gabeko ingururik.
Sufrimendua zen bere lanbidea.
Bizimodu horretaz nazkatuta hain ongi ezagutzen zuen langabeziaren bidea hartu zuen, ogibidez aldatzeko gogoz. Lanbideko bulegora inguratu eta bizitza berri baten esperantza zutenen zerrendan inskribatu zuen bere burua.
Funtzionarioak aurkeztutako formularioa zintzotasunez betetzea erabakita, esperientziaren orrian honakoak jarri zituen: negarra, sufrimendua, albiste txarrak, etorkizun faltak, amaierak.
Berehala aurkitu zioten lana ehorztetxe batean.
Heriotza zen bere lanbidea.

Continue reading

Pazientzia

Ez zuen inoiz pazientziarik izan.
Ez zuen pazientziarik zain egoteko, ezta gauzak egiteko ere. Ez zekien denboraz gozatzen, edo besterik gabe paisaia eder bati begira egoten. Ezinegonak irensten zuen, eta gauza bat amaitu orduko jartzen zen martxan hurrengo zereginaren bila.
Ezin zuen trenaren zain egon behar baino minutu bat gehiago. Berandatzen zen edonori errieta egingo zion, eta hitz-aspertuez elkarrizketa bat luzatzen ziotenean, berehala moztu edo alde egingo zuen, pazientzia galduta.
Nonbaitera joan behar bazuen ere aldez aurretik urduritzen zen, garaiz ez iristearen beldurrez. Jarraian, denboraz soberan iristen zenez pazientzia galtzen zuen itxarotea egokitzen zitzaiolako.
Ez zuen inoiz pazientziarik izan.
Horregatik, medikuak minbizia zuela esan zionean bere buruaz beste egitea erabaki zuen.
Ez zuen pazientziarik heriotzaren zain egoteko.

Continue reading

Poeta

Benetako poesia idazten zuen.
Bere liburuak ez ziren autobusean irakurtzeko modukoak. Bere bertsoek ezin zuten edozeinen gogoa ase, sentimendu berezia transmititzen zutelako. Hitzak ez ziren arruntak, esanahiak ez ziren sinpleak, eta egiturek moldeak hausten zituzten.
Poesia sakona lantzen zuen.
Kritikariek ez zuten maite, aurreratuegia zelako haientzat. Irakurleek ez zuten maite, ez zirelako bere arteaz jabetzen, eta argitaletxeek ez zuten maite, ez zuelako libururik saltzen.
Bere poesia horien guztien gainetik zegoen.
Erakustaldi modura poema arrunt bat idatzi zuen, berak hainbeste gorroto zuen ohiko maitasun lerdokeria, bihotz gorri, odol bero eta malenkoniaz betea. Maiteminez zegoen lagun bati bidali zion poema sare sozialen bitartez, txantxa modura. Ohartzerako sareko fenomeno bilakatu zen: milaka lagunek irakurri zuten bere poema, poeta aurrerakoitzat jo zuten adituek, eta argitaletxetatik deika hasi zitzaizkion.
Poesia idazteari utzi zion. Bere artea ez zen edonorentzat.

Continue reading

Bisita

Urtean behin etortzen zait familia bisitan.
Urtean behin etortzen dira guztiak: batzuk bakarka, taldeka besteak, baina pixkanaka familia guztia inguratzen da nirera.
Beti gustatu izan zaizkit bisitak, eta haiek goxo hartzeko ahalegina egiten dut ingurua atonduz: Kanpoko hostoak garbitu eta zikina kentzen saiatzen naiz. Ihartutako lore zaharrak botatzen ditut, ekarriko dizkidaten lore berriei tokia utzi nahian.
Urtean behin elkartzen da familia nirean, eta inoiz ez diote elkarri galdetzen nor arduratu den guztia txukuntzeaz.
Azken finean, nor kezkatzen da hilobi bat garbitzeaz?

Continue reading

Hego-haizea

Hego-haizea iristearekin batera utzi zituzten armak.
Albistegi guztiak zabaldu zituzten, egunkarietako azalak bete. Hainbeste urteren ondoren amaitu ziren tiroak, bakea iritsi zen, hego-haizea bezalaxe.
Albiste zaparradak zorabiatuta mendira joan nintzen, hego-haizearen laguntzaz beste bake baten bila. Baina, mendiko bakea tiro hotsek hautsi zuten.
Hego-haizeak ez ditu arma guztiak uxatzen.

Continue reading

prev posts
Tresna-barrara saltatu